Joan den larunbata urtarrilak 27.ean Paisaia eta Kultura Topagunea ospatu ahal izan genuen. Eguraldi txarra izan bagenuen ere, oso goiz bildu ginen Artzai Onaren Katedralean. Eguraldi txarrari oso aurpegi ona jarri ahal izan genion, oso giro ona sortuaz. Donostiatik autobuses abiatu ginen Hernani inguruetara, zehazki Telleri Zahar Baserriraino. Bista paregabeak dauzkan inguruetatik paseotxo bat emanaz, Telleri Zahar baserriraino igo ahal izan ginen, bidean topatu genituen Sagardotegi, inguruko baserri eta ohitura ezberdinak hizketa-gai genituelarik.

Behin Telleri Zahar Baserrian, Ramon, Ainhoa eta Omarrek beso zabalik agurtu gintuzten, harrera bikaina eginaz. Ramonek Baserriaren nondik norakoez hitz egin zigun; ardi, behi, ollo eta animalien ingurukoez, baita egiten dituzten gazta ekologiko bikainak probatzeko aukera ere. Bestalde, gazten inguruko munduaz aritu zitzaigun hizketan; nola lantzen dituzten eta honek guztiak inguruan dauzkanei buruz egon ginen solasean. Goizean zehar munduko errealitate ezberdinen inguruko ezagutzak partekatzeko aukera izan genuen, baita guzti hontaz ikasi eta aberastasun anitza partekatzeko aukera ere. Errealitate ezberdinetatik gatozen pertsonak, belaunaldi ezberdinetakoak garenok, adin ezberdinetakoak… goiz zoragarria partekatzeko aukera izan genuen.