Ostegun honetan, martxoak 1arekin, arratsaldeko 18.00etan Zestoako LAU ITURRI elkarte gastronomikoan SUKALDEA liburua aurkeztuko da. Herrialde ezberdinetatik eratorritako 22 errezeta jasotzen dituen laburbilduma bat eta gizarte kohesiorako laborategi baten emaitza izan da. Urola Kostako hiru herritan gauzatu da eta erabilitako metodologia berdina izan da. Jarduera hau Emaúsen BESARKADAK proiektuan kokatzen da, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Lankidetza Zuzendaritzatik sustatzen den proiektua.

Brasil, Maroko, Nikaragua, Siria, Euskal Herria… dira Orion, Zarautzen eta Zestoan esperientzia hau burutu duten hainbat pertsonen jatorrizko herrialdeak. Jarduera hau Emaús Gizarte Fundazioak eta LAKARI KOOPERATIBAK koordinatu dute. Herri bakoitzean, herrialde ezberdinetatik eratorritako, kultura, adin… desberdineko pertsonen arteko topaketak egin dira elkarte gastronomikoetan. Helburua sukaldean arratsaldea pasatzea izan da ezagutzak partekatuz, kozinatzea aitzakia bezala hartuta. Jarduera amaitzeko prestatutako jakien dastaketa egin zen afari moduan mahaia eta mahai-zapia partekatuz. Jarduera hauen bitartez errezetak partekatzeaz gain, bizitza, beste herrialdeetako ohitura, txiste eta umore zatiak partekatu dira.

Laborategia errezeta liburu honen edizioarekin amaitzen da, bertan gozoak nagusi direlarik, topaketa hauetan egon den giroa bezala. 150 liburu argitaratu dira eta aurkezpenera bertaratzen direnen artean banatuko dira. Era berean, esperientzia honetan eman diren urrats ezberdinak jasotzen dituen dokumental labur bat gauzatu da, sukaldaritza gizarte kohesiorako aitzakia bat dela ikusten delarik.
Aniztasunak urrundu ordez aberastu egiten gaitu, egiaztapen hau BESARKADAK proiektu honen konstanteetako bat da. Proiektu hau Gipuzkoako Lurralde Historikoaren eskualde desberdinetan gauzatzen ari da. Deba Garaia eskualdean, aniztasuna ehunen joskintza eta tratamendu topaketetatik landu da; Bidasoaldean, elkarren artean altzariak konpontzeko eta eraldatzeko topaketak burutzen dira; Tolosaldean eta Hernanin irteera kulturalak eta mendi irteerak egiten dira; eta Donostialdeko topaketak gastronomikoak dira.