Emaus Gizarte Fundazioak eta Lakari kooperatibak ‘Errezeta artean’ egitasmoa eramango dute aurrera Urola Kostako hiru herritan: Orio, Zarautz eta Zestoan. Bertan jaiotakoek eta kanpotik herrira etorritakoen artean elkarezagutzea eta loturak eratzea du helburu, sukaldaritza eta errezetak aitzaki.
Egitasmoa Emaus Gizarte Fundazioak Gipuzkoako Foru Aldundiko Garapenerako Lankidetza Zuzendaritzaren babespeko Besarkadak ekimenaren baitan kokatzen da, zeinak Gipuzkoako aniztasuna kontuan izanik, pertsona bakoitzak dituen gaitasun eta esperientziak agerian uztea duen oinarri. Eta hain zuzen, Urola Kostan garatuko diren saioek errezeten partekatzea izango dute bide, elkar ezagutza eta harreman sareak lortu asmoz. Era berean, eta garatutako prozesu honi jarraipena emanez, errezeta liburu bat argitaratzea aurreikusten da saioetan jasotako errezetak bilduz.
Herri bakoitzean bi saio ospatuko dira, non, bertako zein kanpotik etorritako pertsonek errezetak ezagutu, partekatu eta sukaldatu ahal izango dItuzten.
– Orio. Azaroak 16 eta 23, ostegunak. 18:00-20:00.
– Zarautz. Azaroak 14 eta 21, astearteak. 18:00-20:00. Urpekoak Elkartea (Urdaneta kalea, 1).
– Zestoa. Azaroak 13 eta 20, astelehenak. 18:00-20:00. Lau Iturri Elkartea (Uztapide plaza, 4).
Saioetan parte hartzea doakoa da, baina plaza mugatuak direnez gero, aldez aurretik izen ematea eskatzen da 943.36.75.34 telefonora deituz edo besarkadak@emaus.com helbidera idatziaz.
Informazio gehiagorako www.besarkadak.eus