Joan zen asteazkenean, maiatzaren 31. ean, Altzarien Zaharberritzearen IV. Topagunea ospatzeko aukera izan genuen. Lakaxita gaztetxearen espazioetan paregabeko arratsaldea pasa genuen.

Oraingo honetan, paleak berrerabiltzeko aukera izan genuen, mahai edo sabai lanparak bilakatuz hauek. Topagunea hiru txoko ezberdinetan banandu zen; lehenengo txokoan paleak mozten eta lixatzen ikasi genuen, hauetatik gure lanpara eraikitzeko piezak atereaz. Bigarren txokoan, lanpara eraikitzen ikasi genuen, torloju, barrauts eta beharrezko erreminten inguruan pixka bat gehiago ikasiaz. Azken txokoan berriz, kableatzea atxiki genien gure lanparei; zirkuito elektrikoen inguruan pixka bat gehiago ikasi ahal izan genuelarik.

Guzti hau merienda txiki batez egon zen lagunduta, hasierako momentuko “lotxak” gainditzeko erraztasuna eman zuelarik. Giro paregabea sortu zen parte hartzera animatu zirenek euren ezagutza, gaitasunak, bizipenak eta esperientzia ezberdinak partekatu zitzaten.

Topagune eta ekintza gehiago prestatzen jarraitzen dugu, oraindik garaiz zabiltza guztiokin parte hartu eta zure ezagutza eta gaitasunak partekatu nahi izango bazenu! Anima zaitez!