Atzo, Urriaren 26.ean BESARKADAK ekimenaren barnean sortutako lehen TOPAGUNEA izan genuen. Topaldiak Vasconia Kirol Elkartean izan zuen bilgune. Besteak beste Txinatar sukaldaritzako ezagutzak gurekin partekatzera etorri zen Li Yan izan genuen gure artean Leka min frijituak, zerri haragi xigortuarekin egiten. Horretarako, Jengibrea, baratxuria, lekak, eguzkilore olioa, zerri haragi xigortua eta zenbait espezia txinatar erabili zituen, guztia soja beltzez nahasturik eta piper minez ondua.

Maryk Sukaldaritza Kolonbiarraren inguruko ezagutzak ekarri zizkigun. Berak, “Patacones con Hogao, Aborrajados eta Champu de Valluno” egiten erakutsi zigun. Besteak beste platano helduak eta platano arrak erabili zituen, arto zuria, anana eta zenbait barazki erabili zituen. Pertsona asko gerturatu ziren sukaldaritzan ikastera, hainbat eta hainbat elikagai berriri buruz gehiago jakin asmoz.

Haurrek ere beren protagonismoa izan zuten sukaldaritza multikultural TOPAGUNE honetan, hala nola forma ezberdinetako bizkotxo goxoak eginaz. Oihanak paregabeko bizkotxoak egiten erakutsi zien elkartera gerturatu ziren haurrei. Hantxe aritu ziren pozik eskuak irin, arraultza, txokolate etab. saltsatan sarturik.

Azkenik, Albertok, bere patata tortila paregabeak egiten erakutsi zigun, Arabako patata, olio eta arraultzez beteriko zartaginari nola eragiten zion erakutsiaz. Poliki-poliki eta pausoz pauso tortila paregabe hau egiten erakutsi zigun. A zer nolako patata tortila, ez zen apur txiki bat bera ere geratu mahaian.

Esperientzia polit hau guztiok guztien artean partekatuaz, afari merienda paregabeaz gozatzeko aukera izan genuen. Mila esker parte hartu zenuten guztiei, horrelako giro polita sortzen laguntzeagatik eta era honetako TOPAGUNE bikaina sortzea baliatzeagatik! Mila esker!